Kirol eskolak antolaturiko lehen webinar honetan, errendimendurako hastapenarekin erlazionatutako hainbat aldagai eta ikuspuntu ezberdin jorratu dira. Horretarako, Asier Legorburu (Euskalduna kirol-elkartearen koordinatzailea), Idoia Lopez de Gereñu (Alaveseko kirol psikologoa) eta Juan Carlos Lopez (Errealeko kirol psikologoa) gonbidatuen partaidetza ezinbestekoa izan da; bakoitzak bere elkartearen ikuspuntua azaleratu baitu, aldagai psikologiko ezberdinen lanketak kirolarien errendimenduan izan dezakeen eragina plazaratuz.
Batetik, argi geratu da kirol psikologoen eginkizuna ez dela kirolarira mugatzen. Izan ere, kirol-talde batekin lan egiterako orduan, ikuspuntu holistiko batetik egiten da; entrenatzaile, familia eta kirolarien hurbileko sistemak honen errendimenduan nolako eragina duen aztertuz, eta beharrezkoa izanez, horien inguruko esku-hartze bat planteatuz. Esaterako, entrenatzaileei baliabideak eskaintzea oso garrantzitsua da, hauek, kirolarientzat jokaera-eredu izan ohi baitira.
Hori horrela, azken helburua kirolariaren gehienezko potentzialera iristea denez, jarduera fisiko eta taktikotik at dauden hainbat baliabide psikologiko lantzea ere premiazkoa da. Horretarako, kirolariari indibidualki estrategia konkretu batzuk erraztu behar diogu kirol-jardueran eragiten duten hainbat alderdi lantzeko; horien artean, komunikazioa, autoestimu eta motibazioaren lanketa edota adimen emozionala, azken honek, lehiaketa garaian berebiziko garrantzia hartzen duelarik. Hala ere, eskainitako erramintak maila kolektiboan ere burutzea ezinbestekoa da, taldea kirolari askok osatzen baitute, eta honen errendimendua talde bezala funtzionatzeko duten ezaugarriek baldintzatuko dute. Horretarako, talde-kohesioa bultzatzeko jarduerak, taldearekiko konpromezua sustatzea eta besteekiko errespetu eta asertibitatea lantzea zintzilik daude gaiak dira.
Laburbilduz, kirolariaren testuingurua osotasunean hartu behar da, honen ongizate psikologikoan eragin dezaketen aldagaiak erreparatuz, eta horrek errendimenduan eragin zuzena duenez, aldagai horien lanketa sakona eginez. Azken finean, maila indibidual zein kolektiboan esku-hartzen da, kirolariak bere sentimendu eta emozioekiko kontzientzia hartu dezan, horrekin, bere jokabide ez-egokitzaileak edota bestelako arazoak zuzendu ditzan; horrek transferentzia ukaezina izango baitu errendimenduan.
Utzi erantzuna
Iruzkinak bidaltzeko saioa hasi behar duzu.